MAGAZINE 2016

Hemen da aurtengo bizipenak biltzen dituen aldizkaria, MAGAZINE 2016! Horrenbeste proiektu burutu ondoren memoria batean biltzea erabaki dugu berriro ere. Gure ekintzen berri nahi baduzue online irakurri dezakezue, euskaraz eta gazteleraz. Laister arte!

MAGAZINE  2016 EUSKARAZ

 

MAGAZINE 2016 GAZTELERAZ

Anuncios

GLOBO HEGALARIAK

    Saiatu al zarete inoiz ideiak irudi bihurtzen? Nola komunika daitezke errepresentazio grafiko bakarrean ahoz adierazteko ehundaka hitz behar dituzten azalpenak? Ez da lan samurra, ez; baina lor liteke, baita prozesua, dibertigarri egin ere.

       Aurreko astean Bilbon izan ginen UPV/EHUk eta Urban Elikak antolatutako Hezkuntza Berrikuntza Ikerketa Kongresuan. Hainbat aditu eta ikerlariren ekarpenak entzutearekin batera, guk ere gehitu genuen gure hondar-alea, eta GAZEn nola lan egiten dugun erakutsi genuen poster baten bidez.

         Horretarako, baina, erronka berezia jarri genion geure buruari: hitzez baino, irudi bidez azaltzen saiatuko ginen gure ikas-prozesua. Modu horretan  jende gehiago erakarriko genuela usteta, batetik, poeta samarrak bagarelako eta irudi bidez pentsatzea gustatzen zaigulako, bestetik. Hala, globo baten metaforaz baliatu ginen errepresentazioa ikusgarriagoa egiteko.

poster_kongreso_EUSKARAZ

      Globoak hegalariak dira, altura hartzen dutenean ikuspegi zabala lortzen dute, arranoaren perspektiba; lekuz mugitu daitezke, dena miatu, baina berriz ere lurrera itzultzen dira deskantsatzera. Berdina gertatzen da proiektu honetan sartzen garen guztiokin: gure gizartean gertatzen dena ikusten saiatzeko, diziplina eta instituzio ezberdinetako pertsonak igotzen gara globora eta guztion artean ikuspegi zabalago batez irakurtzen dugu egunerokoan gertatzen zaiguna. Ez dugu ilargiraino doan tramankulurik nahi, gero gure etxea non dagoen ikusteko aukerarik emango ez badigu. Deskantsua lurrean hartzen duten garraiobideak dira guri gustatzen zaizkigunak.

  Txorien lekutik arazoak identifikatzen ditugunean, beste globo baten bila jaisten gara behera, baina elkarrekin gora igotzeko jarraian. Beste globoa eragile sozialena izaten da. Beraiek, lehendik ere, badabiltza berain kasa funtzionamenduan, baina batera hegan egitean erronka berriak definitu eta problematikei erantzun berriak elkarrekin ematen saiatzen gara. Bide horretan, elkar konbentzitzeko eta adostasuna bilatzeko moduak topatu behar izaten ditugu. Finean, helburu bera baitugu: behera jaistean, errealitatean eragin ahal izatea.

        Prozesu guzti honetan zehar hegan egiteko ahalmena suak ematen digu; gaitasunek, konpetentziek, ematen digute mugitzeko indarra. Sua kontrolatzen ikasi egiten den modu berean, globoa gidatzen ere ikasi egiten da, ordea, eta airean baino ez da ikasten gidari izaten. Zentzu horretan, gure gaitasunei esker mugitzen gara, baina, aldi berean, ahalmen gehiago eskuratzen ditugu bidaia aurrera doan heinean.

       Globoan izandako esperientziari esker gure egunerokoa ikusteko ikuspegi zabalagoak lortzen ditugu, bakoitzak gure ekarpentxoa egiten dugula sentitzen dugu eta ikasgelan ikasitakoa errealitatean aplikatu dezakegula ikusten dugu. Ibilbideari esker, ezagutza ez dela isolatua eta estatikoa konturatzen gara; aitzitik, sare konplexu baten baitakoa dela eta etengabe eguneratzeko beharra duela.

IMG_20160525_142221

ARTIKUTZA GOZATUZ

Egun ederra izan zen Maiatzaren 29a. GAZE:Kaleidoskopiok  Aranzadi Zientzia Elkartearekin duen “ Ezagutzen dena babesten da soilik” proiektuaren harira, Artikutzako basora txangoa antolatu genuen igande pasa desberdin eta polit bat pasatzeko. Goizean goiz jeiki eta UPV/EHUko liburutegian elkartu ginen 40 lagun inguru eta autobusa eta Aranzadikoen furgoneta bete beterik genituela ekin genion txangoari, kilometro batzuk egin eta kurbaz beteriko bidea igarota Artikutzara iritsi ginen arte.

Adin eta nazionalitate askotariko jendea elkartu ginen txangoan eta Donostia eta inguruetatik etorriko jendeaz gain, Alemania, Chile, Melilla nahiz Almeriatik etorri ziren lagunek ez zuten gurekin egunpasa egiteko aukera galdu, egun pasa lehen zena baino aberasgarri eta interesgarriago bilakatuaz.

 

Dena den ez da harritzekoa horren ezberdina den jendea erakartzea ekitaldi honetarako, izatez oso leku berezia baita Artikutza. Geografikoki Goizuetako udalerrian baitan dagoen barruti edo eskualdea da. Hala ere, Donostiako Udala 1919tik haren jabea da eta iristeko bidea aldiz Oiartzungo Altzibar eta Karrika auzoetatik abiatzen da. Esparru natural eder honek 3700 hektarea inguru hartzen du, barruan 6 milioi zuhaitz inguru dituen baso zabala gorde duelarik.

 

Honez gain, Euskal Herriko ingurune euritsuena da Artikutza, eta, honen jakitun, euriagatik babestuko gintuzten aterki eta xirez hornituta joan ginen, badaezpada ere.

Artikutzako basoan ikerketa lanetan buru belarri dabilen Alberto izan zen txangoan gidari lana egin zuena, eta berari esker, basoko landare, animali eta zuhaitzak ederki ezagutzeko aukera izan genuen eta basoaren historia eta gordetzen dituen hainbat bitxikerirekin liluratzeko aukera ere eskeini zigun.

 

Lau ordu inguru iraun zuen txangoaren ostean Artikutzako etxegunera jaitsi, eta bertan bazkaldu ondoren, Donostiara itzuli ginen, gehienak nekatuta, baina Euskal Herriko baso magikoenetako bat bisitatu izanak utzi zigun aho zapore gozoarekin.

 

Irteera arrakastatsua izan zen igandekoa, eta antolatzaileak oso gustura geratu ginen jendeak emandako erantzunarekin.  Jende jatorrarekin lan egiteak gustua ematen du eta igandeko ibilaldia horren erakusle izan zen.
Eskerrik asko eta nahi duzuenerarte!

ARROPA BIZIBERRITUZ

Jada eman diogu amaiera Emausen laguntzapean aurrera eraman ditugun josteko tailerrei.

Bost astetan zehar, asteartero, Amarako Emauseko lokalean hamaika partaide bildu gara, Maddalen irakaslearen gidaritzapean, erabilgarri ez dagoen arropa eraldatzeko  eta josten ikasteko asmoarekin. Harro esan dezakegu erronka lortzera iritsi garela.

FullSizeRender (2)

Zein da tailer hauen helburua?

Denoi pasa izan zaigu noizbait nikirenbat jantzi eta zuloa duela nabaritzea edota jada, udarako bi hilabete luze horien ondoren gure galtza bakero maiteak gure neurrikoak ez direla jabetzea. Eta zer egiten dugu egoera horien aurrea? Bi aukera ditugu, gure anai-arreba edo inguruko bati ematea edota arropa biltzeko zakarrontzietara botatzea.

Zakarrontzira botatzen dugun momentutik (Emausen zakarrontzia dela oinarritzat harturik), arropak ibilbide luzea egiten du, non hiru fase ezberdinetan sailkatu daitekeen:

  1. fasea: Arroparen bilketa. Fase honetan, kamioien laguntzaz, Emausek gune bakoitzean dituen zakarrontzi guztien bilketa egiten da.
  2. fasea: Arroparen sailkapena. Ondoren, Iruneko Emausen Eko Center-ean, bilketa guztitik jasotako arropa, talde ezberdinen laguntzaz, sailkatu egiten da, erabilgarri dagoena apaletan jarriaz eta besteak “fardo” deituriko boltsa handietan utziaz.
  3. fasea: Arroparen salmenta. Azkenik, aukeratutako arropa hori Emauseko denda ezberdinetan banatzen da, salgai jartzeko.

Zer egin da tailer hauetan?

Tailer hauetan lortu nahi zena zera da, 2. Fase horretan “fardo” deritzon boltsa horietara botatzen den arropa aztertu, erabilgarri ez dagoena edota modaz pasata dagoena hartu, puntada batzuk eman eta erabilgarri bihurtzea; arropa zaharretik abiatuz arropa modernoa sortzea. Helburu hau lortu dugulakoan gaude.

Zer deritzozue zuek? Jarraian azalduko dizuegu nola egituratu genituen gure bost tailer hauek.

Lehendabiziko egunean, kamixeta zaharrekin telazko poltsoak egiten ikasi genuen. Hura pelea izan genuena josteko makinekin… guk makinak kontrolatu baino hauek gu kontrolatzen gintuztela zirudien. Baino lehendabiziko klasea zen eta ilusio handia genuen, hortaz, energiaz kargatu eta laster hartu genion trukoa josteko makinei. Telazko poltsoei lehendabiziko puntadak ematen hasi ginen. Ezin izan genituen ordea guztiak amaitu.

Bigarren egunean, telazko poltsoak berriro hartu eta aurreko asteko lana bukatzeari ekin genion. Josteko makinaren zarata erritmikopean kamiseta zahar horiek poltso elegante bilakatzea lortu genuen. Hura ilusioa genuena! Gure lehendabiziko arte obra!

Hirugarren klasea iritsi zen horrela, tailerren erdigunea. Kolore, estanpatu, marra… desberdinetako tela zatitxoak hartu eta ile jasotzeko telazko gomak egin genituen. Jada, josteko makina kontrolpean genuen, gure agindutzapean goxo-goxo telazko zatiak josten zituen, eta era horretara, laster asko geneuzkan ilerako goma finak gure eskuen tartean.

Laugarren astea zen. Ilerako apaingarriak egiteari gustoa hartua genion. Berriro ere kolore, estanpatu, textura… desberdinetako tela zatiak hartu eta ilerako zintak egin genituen. Erabilgarriak ez ziren tela zatietatik abiatuz ilerako zinta, turbante dotoreak josi genituen. A ze itxura genuen haiekin! Buruan jantzi eta argazki bat atera genuen. Artista hutsak ginen dagoeneko.

Azkenik, iritsi zen azken eguna. Eta azken eguna zenez gero, tailerrak harrotasunez bukatzeko momentua zen. Gure eraldaketarik zailena egiteko ordua heldu zen. Modaz pasaturiko gona zaharrak hartu, moztu eta gaur egunean erabilgarri eta panpoxak diren gona motzak egin genituen. Seguru asko sentitzen ginen: guraizea hartu, hemendik eta handik moztu, makinarekin josi…gure saltsan ginen. Eta emaitza, ezinhobea. Gona paregabeak egin genituen eta era horretara amaiera eman genion antolaturiko tailerrei, poz handiz.

Ikusi duzue bost klase horietan eginiko lana. Esfortzu handiarekin, baino betiere ondo pasatuz, erronka bete genuen. Puntada gutxi batzurekin eta gogo askorekin, arropa zaharra aktualizatzea posible dela deritzogu. Gu apuntatu egin gara josten ikastera eta arropari toke pertsonal eta modernoak ematera, zakarretara ez bota eta arropari erabilpen berri bat ematera. Eta zu, animatuko al zara?

PIZTUREKIN ELKARLANEAN: SALTSA BERDETAN LEHIAKETA!!!!

Aurreko ostiralean izan genuen Zestoan gure lanaren emaitza!!!!! Saltsa Berdetan lehiaketa gauzatu genuen herriko txikienekin eta haien gurasoekin. Hura izan zen arrakasta!!!


Arratsalde eguzkitsua izan genuen GAZEkidez eta Piztuko taldekidez osaturiko taldeak, Zestoako Laranjadiko plazan E-quiz (saltsa berdetan) kontzientziazio lehiaketa ospatu genuen, asteburuko Herri Azokari hasiera emateko.

piztu2 (2)

Piztu Urola bailarako energia subiranotasuna aldarrikatzen duen lantaldea da, horretarako energia berriztagarrien sorkuntza sustatu, energia kontsumo ohiturak murriztu eta erabilera jasangarri bat bultzatzen dituena.

Ekimen honen helburu nagusia, gamifikazioaren bitartez, hau da, jokuen bidez irakatsiz, etxeko txikienei energia berriztagarrien, birziklapenaren eta mugikortasunaren inguruan hausnartzeko eta datu berriak ikasteko aukera ematea izan zen.

Saltsero mordoa gerturatu ziren eta behin baino gehiagotan jolastu zuten. Gure helburuak erraz gainditu eta primeran pasa genuen !!!!!

                                  DSCF5234 DSCF5231 13220974_10154900769244966_6968620443168161657_n

Elkar lan prozesu honetan Piztu taldeaz gain, Herri azokako eragileak, Zestoako ingurumen teknikariak eta gazteriako teknikariak ere parte hartu dute. Emaitza positiboa ikusita, eta umeen iritziak entzun ondoren, eskoletan ospatzea gustatuko litzaiguke.

IKD-koen azken saioa

Aurreko asteartean, gure IKD-ko lagunek (https://ikdgazte.wordpress.com), beraien Moduloko proiektuak aurkeztu zituzten Carlos Santamaría liburutegian egin zuten ekitaldian. Saioa, 16:00tan hasi zen eta 4 Gazekide joan ginen ekitaldiaz gozatzera, egin zuten lana ikustera eta gure makroekitaldirako ideiak hartzera.

Librurutegira iritxi ginenean, sarrera IKD-ko kamixeta morez betea zegoen. Urduritasuna eta ilusioa nabari zen jendearen artean eta argi zegoen egun garrantzitsua zela beraientzako. Gehiago itxaron gabe, aretora sartu ginen eta ekitaldia hasi zen.

Hasiera batean, Joseba Amondarainek (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Sailaren Zerbitzuburua), Fernando Etxegaraik (Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizun arloko Errektoreordetzako Ikasleen Zuzendaria) eta Oihane Calderonek (IKD GAZtE Proiektuko Idazkari Teknikoa), sarrera instituzionalarekin batera IKD-ren ikuspegi filosofikoa partekatu zuten. Ikaslegoari eman zioten protagonismoa eta proietuak aurrera eramateko gaitasun sortzailea azpimarratu zuten. Sarrera labur baina polit honetan, GAZEren paralelotasuna ikusi genuen eta hitz batzuk geratu zitzaizkigun buruan saltoka: hasi eta hazi, ideiak, zuhaitza, proiektuak, artista, partaidetza, talde lana…

Jarraian, IKD osatzen duten bederatzi taldeek beraien proiektuak aurkeztu zizkiguten, hiru bloketan banatuak. Lehenego, Emaus, Kalapie eta EITB-ko taldeek azaldu zizkiguten beraien lanak. Honen ostean, marrazkien bidez kreatibitatea lantzeko dinamika bat egin genuen. Ondoren ONCE, Saretuz eta UPV/EHU-ko taldeek kontatu zizkiguten beraien proiektuak, kontsumo arduratsuaren eta itsuen ikasketa egoeraren inguruan. Aurreko dinamikari jarraipena eman zitzaion eginiko marrazkiekin historio bat asmatuz eta momentu barregarriak suertatu ziren. Azkenik Albaola, Bilboko Udalak eta San Markosekoek azaldu ziguten egindakoa eta bertatik ikasi zituzten ondorioak partekatu zituzten.

Amaitzerakoan, argazki grupala atera zuten IKDko gazteak, eta ondoren lunch-a ospatu zen aurtengo proiektuak paretean proiektatzen ziren bitartean. Zerbait jan eta edaten genuen bitartean, aukera ezin hobea izan genuen elkar hobeto ezagutzeko; bai beraien proiektuei buruz pixkat bat gehiago jakiteko, baita IKDkoei gure lanari buruz kontatzeko ere.
Ekitaldi hau, oso interesgarria izan da guretzat. Dakizutenez, gure urteko lanari bukaera emateko makroekitaldi bat antolatzen ari gara. Asteartean ikusi genuenagatik, ondorio interesgarriak atera genituen gure ekialdia antolatzeari dagokionez. Beraz, bai IKD-koak bai interesatuak zaudeten guztiak, gonbidatuta zaudete gure amaierako ekitaldi honetara.


IKD.jpg-large.jpg

Uliako natur balioak ezagutzeko aukera bikaina

Aurten, GAZE:Kaleidoskopio proiektuko ikasle talde bat, Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean aritu da. Lankidetza honen emaitzetako bat, maiatzak 8an antolatu duten ibilaldi bat izan da, non Ulia mendira eta Ulia lore-baratzetara hurbiltzeko aukera eskainiko duten mendi ibilaldi baten bidez.

Ibilaldi honek, goizeko 9:00-tan  izango du hasiera Saguesen,  eta Uliako lore-baratzetan izango du amaiera 13:30-tan, kostako Done Jakue-tik eta Mirakruz gainetik pasaz. Era berean, goizak eta ibilaldiak aurrera egitearekin batera, gose diren mendizaleentzako hamaiketakoa eskainiko da!

Goiza ederra izango da, eta ahal den jende gehien animatu dadin, bidean zehar ikusiko ditugun txoko ederren deskribapen txiki bat egingo dizuegu jarraian:

Ulia media

Ulia, Donostia eta Pasaiako lurraldeak ukitzen dituen mendi bat da, kostaldeko labarretatik ibilaldia egiteko aukera ematen duena, baita bertako bioaniztasuna eta mehatxu dauden espezieak ezagutzeko ere. Bitxikeri bezala, esan daiteke, Uliako mendi aldea (ES2120014) Natura 2000 Sarearen barruan dagoen naturgune babestu bat dela, natur balio handiko eremu bilakatuaz.

Ulia lore-baratzak

Ategorrietan dagoen parke paregabe bat da, eta bertara garraio publikoz, oinez edo bizikletaz hurbildu gaitezke. Nahiz eta berez erlaxatzeko eta atsedena hartzeko  gune bat izan, ekintza asko egin daitezke bertan:

  • XIX-XX mendeetako eraikuntzak ikus daitezke (adibidez ur-biltegiko sarbideak).
  • Mota desberdinetako zuhaitzak.
  • Landare espezie eta animali bioaniztasun ugaria.
  • Beste motatako ekintzak: hiri-baratzak, auzo-konposta…

Aldez aurretik aipatutako guzti hau ikusita, nork esan diezaioke ezetz irteera apart honi? Bada, lagun, altxa ipurdia eta anima zaitez!!!

images.jpg

 

Jolas katalogoak: identitateak eraikitzen

Badirudi gaur egun “modan” dagoela hezkidetzari buruz hitz egitea genero-desberdintasunei aurre egiteko. Gizarteko diskurtsoan ez da falta esaten duenak bai hezkuntza formalean bai hezkuntza ez formalean eta informalean umeak berdin tratatzen direla, neska mutilen artean ez direla bereizketarik egiten. Baina zer gertatzen da jolas katalogo bat hartzen dugunean eta jostailuak ikusten ditugunean? Badago zentzurik gure diskurtsoaren eta praktikaren artean? Adibide bat jartzeko, hurrengo jolas katalogoa aztertzera gonbidatzen zaituztegu, gaur egungo jostailuak hezkidetzan oinarrituta dauden edo ez ikusteko.

Lehen begiratua eginez ikus dezakegu bi generoko irudiak orekaz erabiltzen direla, baita hauen erlazioa jolasaren tipologiarekin. Halaber, erabilitako koloreak nahiko orekatuta daudela esan dezakegu; hau da, arrosa eta urdina koloreak (gure kultura erabiltzen dituen bi koloreak bi generoak desberdintzeko, lehenengo urteetan bereziki) ez dira asko erabiltzen nahiz eta atal batzuetan horrela izan (panpinei dagokion atala arrosa erabiltzen da gehien bat eta ibilgailuen eta akziozko irudien atala urdina). Beraz, lehen begiratua eginez esan genezake katalogo jostailua hezkidetzan oinarrituta dagoela.

Begirada sakonagoa egiten badugu, ondorioa guztiz kontrakoa izango da: gure gizarteak oraindik desberdintasunez hezten ditu neskak eta mutilak genero rolen eta estereotipoen bitartez, gizarte diskriminatzaile bat mantentzen du emakumearekiko. Ze irizpide jarraitu baieztapen hau defendatzeko? Hona hemen jostailu katalogo honetan jarraitutakoak:

  • Lehenengo oharra tipologiari Kontuan izan behar dugu haurtzaroan lehenengo sozializazioa ematen dela, umeek bere identitatea sortzen dute testuinguruan dauden arauak, baloreak, rolak … ikasten. Beraz ez da arraroa gehien agertzen diren jostailuak bizitzaren imitazioaz izatea, hauen bitartez umeek oinarrizko arauak ikasten baitute gizartean bizi ahal izateko.
  • Bigarren oharra. Agertzen diren jostailu erdiek badute neska edo mutil baten argazkia (neskarena bereziki), ez biena. Hezkidetza sustatu nahi bada, zergatik jostailu erdiak neska edo mutil baten irudi batekin agertzen dira? Honek iradokitzen du badirela jostailu zehatzak neskentzat eta mutilentzat eta, ondorioz, heziketa desberdina egiten ari garela genero ikuspuntu batetik.
  • Hirugarren oharra. Nabarmentzeko da neska edo mutilen irudiak erabiltzen ez dituzten jostailuek kolore bereizketa egiten dutela. Lehengo oharrean esan den bezala, bizitzaren imitaziozko jostailuak dira gehien agertzen direnak katalogoan eta, nahiz eta nesken edo mutilen irudirik ez erabili, jostailuak kolore urdinez eta arrosez bereiztutak aurkitzen ditugu (gehien bat arrosa). Honek zer esan nahi du? Badirudiela bizitzan bi generoek eginkizun desberdinak dituztela eta, ondorioz, jostailu desberdinak izan behar dituztela. Hori bai, ez dute irudiekin aurkezten, koloreekin baizik, era burutsu batean.

Hitz batean, kontuz izan behar dugu genero berdintasunez hitz egiten dugunean. Indarkeria sexista identifikatu nahi badugu azterketa sakona egin behar dugu zenbait irizpide jarraituz. Katalogo honen azterketa bakarrik adibide txiki bat da ikusteko indarkeria matxistak erabiltzen dituen zenbait baliabide emakumeen diskriminazioa mantentzeko gizonarekiko gure gizarteetan.

Sorkuntzarako espazio berriak

Duela hilabete batzuk tabakalera martxan jarri zen eta bertan egiten diren proiektu eta ekitaldietaz gain, oraingo honetan, honako espazio berezia sortu dute: Ubik izeneko sorkuntza liburutegia.

Zonaldeko liburutegiek zerbitzu ugari eskaintzen dituztela ukaezina da, baina Ubik-ek beste liburutegiek betetzen ez dituzten hutsuneak bermatzen ditu. Bideojokoen, ikusentzunezko eta soinuaren, arteen eta teknologien arloetan interesa izanez gero espazio honetara hurbildu eta gehiago ikertu dezakezu.

Gainera, hiritar guztiei irekita dagoen dohainezko liburutegi honen aukerez guztiz gozatzeko behar den gauza bakarra bertako txartela edukitzea da.

Espazio berri honetan ezagutza partekatzeko, elkarlana burutzeko eta elkarrekin sortzeko aukera eskaini eta bultzatzen da. Proiektu honen izaeran aldaketak eman daitezke, gizarteari aldaketa horien parte izateko aukera emanez.

Bestetik, aipatu beharra dago Ubik hiru ardatz nagusitan bereizten dela: ikastea, sortzea eta gozatzea.

 

IKASTEKO ESPAZIOAK
→ Pantaila esperimentala : Giro lasaia eskaintzen duen espazioa da, bertan zine esperimentalaz gozatu daiteke, zinea hurbilagotik biziz.

→ Bildumak: Liburutegian hainbat bilduma berezi daude (autoedizioa, bideojokoak, komikiak, kioskoa, etab.). Bertan, Tabakaleraren artxiboa ere aurki dezakegu!

→ Ikerketa laguntza: Zerbitzu honen helburua ikerketa eta ikaskuntza sustatzea da. Beraz, ikerlaria izanez gero, liburutegiaren zerbitzuez gain, aholkularitza eta laguntza zerbitzua badago.

 

SORTZEKO ESPAZIOAK

→ Erreserba sistema:  Argazki kamerak, bideojokoak eta MP3 gailuak mailegatzeko aukera dago, hori bai, zerbitzu hau erabiltzeko Ubik-eko bazkide izan behar da.

→ Txokoak: Bertan, fanzineen eta paperean egindako autoedizioen munduan murgiltzeko aukera aparta izango duzu. Gainera, 3D imprimagailuak ere erabil daitezke.

→ Lantegia: Jarduera programa zabala dute, liburutegi honen gai nagusiak jorratu eta osatu ahal izateko.

 

GOZATZEKO ESPAZIOAK

→ Egongela: Espazio honetan nahi dugun modura eseri eta etzan gaitezke, liburu batez edota hiriaren ikuspegiaz gozatuz.

→ Bideojokoen txokoa: Jolasteko gogoa duen edozein hurbildu daiteke espazio honetara,  bideojokoen munduan murgiltzeko edota programazioa praktikatzeko gura izan ezkero.

→ Ubik Kafea: Kafe honetan lasai egoteko eta iradokizunak eta gomendioak jasotzeko aukera aparta izango duzu.

 

Pentsatu ezazu, ez al zaizu iruditzen espazio honek beharrezkoa den guztia duela? Guri honelako espazio batez gozatzea posible izatea aukera zoragarria iruditzen zaigu, gainera guregandik hain hurbil egonda…nola ez aprobetxatu! Ziur gaude, zuek ere aukera paregabe hau izanda bertara hurbilduko zaretela espazio hau hobeto ezagutzeko. Ez ezazu aukera ezin hobe hau galdu!

 

UBIK

GAZELAGUN

Lagunak. Zer dira lagunak?

Lagun hitza definitzeko zailtasunak ditugun arren, hitza irakurtzean, seguruenik pertsona baten edo batzuen aurpegia etorri zaizuela burura. Beraz, hori da lagun bat? Zertarako ditugu? Zein funtzio betetzen dituzte gure bizitzan? Zein funtzio betetzen dugu haien bizitzan? Alde onak? Alde txarrak?…

Lagunak izatea bizitzea da, gauzak beste batekin edo batzuekin konpartitzea eta batzuetan liskarrak izaten baditugu ere, babesa, zaintza eta indarra dira.

 

Lagunak. Gazen lagunak?

    Gazen, otsailean ezagutu ginen hogeita hamar gazte horiek, egun, lagun gara. Ezezagun izatetik, lagun edota kide izaterako prozesua batera bizi izan dugu eta gure proiektuak pixkanaka-pixkanaka aurrera eramateko gai izaten ari gara.

Seguruenik hogeita hamar garela irakurri duzuenean, kopuru horrekin proiektuak aurrera eramateko gai izango garela pentsatu duzuela. Baina badakizue zer? Gazen elkarlanean sinisten dugula eta zuen laguntza behar dugula, beraz hitz bat botatzen dizuegu: GAZELAGUN.

 

Gazelagun. Zer da Gazelagun?

Gure proiektuak ez dira gureak soilik. Guztionak eta guztiontzat direla ulertzen dugun heinean, zuei ere, hauek aurrera eramateko erronka luzatzen dizuegu. Gazen, sinergian sinisten dugu. Modu honetan, kooperazioa eta elkarlanaren bitartez Gazekideon ideiak beste hainbat gazteon ideiekin nahasi nahi ditugu, horrela proiektu ikaragarriak aurrera eramanez. Zenbat eta ideia, ekarpen, proposamen desberdin gehiago, gero eta proiektu ederragoak sortuko ditugulako.

 

Gazelagun izan nahi dut. Nola?

Kaixo Gazelagun!! Apirilaren 25ean (astelehena) Carlos Santa Maria eraikinean elkartuko gara, erakusketa gelan, arratsaldeko 17:30etan. Hala ere, zuen zain egongo gara kanpoan. Animatu zaitezte! Etortzeko asmoa izanez gero, zuen asistentzia konfirmatzea eskertuko genizueke ondorengo link-ean klikatuz:

http://goo.gl/forms/qNhHuAnhdm

 

Dinamika dibertigarriak, hitzaldiak, jateko goxoak, etab. izango ditugu. ANIMATU ZAITEZ GAZELAGUN! LAISTER ARTE!
Besarkada handi bat, GAZEkideak!

IMG_6246