AURTENGO LEHEN EKIMENA BUKATU DUGU!

Hurrengo post-ean Marketing Digitalari buruzko Tailer Monografikoko hausnarketa eta aurreko eguneko gogoeta egingo dugu.

Egun geldiezina izan genuen astelehenean GAZEn. Esan beharra dago oso kezkatuta eta urduri geundela GAZEkideok Marketing Digitaleko tailerrarengatik, aurten antolatutako lehenengo ekitaldia izan baitzen eta horrenbestez, lehen aldiko urduritasuna sentiaraztea ohikoa zen.

Astero bezala, talde dinamika bat egin genuen, lanean hasi aurretik. Hala ere, segituan gure betebeharretan jarri ginen, lan asko genuen egiteko eta!

Talde bakoitzak egindako lana partekatu genuen, aste bukaeran egindako aurrerapenen berri izateko. Solasaldian ginela, konturatu ginen GAZEn lortu nahi den sinergia hori ez ginela ari betetzen. 30 GAZEkideok talde handi bat gara, bata bestearengandik ikasi behar dugu, baita baliatu ere. Komunikazioa hobetzeko beharra dagoela ikusi genuen. Talde bakoitzak lantzen ari den proiektua guztiona dela sentiarazi beharko genuela eta taldekoak ez diren beste GAZEkideei lana delegatu dezakegula ikasi genuen.

Akats eta hutsegiteak eginez ikasten da, eta guk, saio horretan, efizientzia eta sinergia lortu ahal izateko komunikazioaren beharra dagoela jakin izan genuen.

Marketing Digitalaren ekitaldiari dagokionez, tailerra hasi baino 3 ordu lehenago bildu ginen GAZEkideak, gela prestatzen hasteko, dinamikarako saria antolatzeko, entseguak egiteko… Antolakuntza oso bide onetik zioan, soinurako bozgorailuak erabiltzeko oztopoak izan genituen arte. Eskerrak azkenean behar tekniko guztiak funtzionatzea lortu genuela!

Ekitaldiaren hasiera gerturatzen ari zen eta geroz eta nabariagoa zen urduritasuna GAZEkideen artean. Tailerreko partaideak iristen hasi zirenean eta gela jendez beteta ikustean, aurtengo lehen proba pasatzeari ekin genion.

Egia esan, espero genuen baino jende gehiago gerturatu zen hitzaldira. Benetan interesagarria iruditu zitzaigun bertan jorratutako edukia. Hasteko, bi GAZEkidek ekitaldiari hasiera emateko GAZE:kaleidoskopio zer den argitu genuen. Tailer monografikoko helburuak eta egitura definitu ondoren, hizlarien aurkezpen labur bat egin genuen eta jarraian, Marketing Digitaleko munduan sartu ginen bete betean.  Beñat Muñoz eta Dani Palenciak Marketing Digitaleko kontzeptu garrantzitsuenak azaldu zituzten eta irudi korporatiboa sortzearen eredu bat jarri zuten. Inaxio Lozak berriz, sare sozialen erabilera egokiari buruz hitz egin zigun eta momentu horretan konturatu ginen asko genuela ikasteko! Dinamika dibertigarri eta erakargarri batekin bukatu nahi genuen saioa, baina denbora falta zela eta, ezin izan genuen bete.

Nahiko balorazio positiboak jaso genituen baina gu geuk egin genion autokritika gure buruari. Esan bezala, denbora ez genuen oso ondo kontrolatu eta ez zigun denbora eman talde dinamika egiteko. Horrez gain, tailerra bukatu ondoren ez genuen planifikatu zer egingo zuen GAZEkide bakoitzak.

Hala ere, oso pozik gaude guztiok, ekimenak antolatzen ikasten hasi garelako, protokoloa eramaten, komunikazio egokia eramaten, laguntza eskatzen eta sare sozialak era egokian erabiltzen, besteak beste.

Auto-ebaluazio hau egitea garrantzitsua kontsideratu dugu, IKASITAKOAREN HAUSNARKETA EGITEN EZ BADA, XAHUTUTAKO ENERGIA DELAKO!

Deja un comentario