Carmiña Dovale, papelografoan Konfort Gunea irudikatzen.
GAZE Programa 2008an sortu zen, eta kultura ekintzailea sustatzea du helburu. Baina ekintzailetasuna sustatzeaz gain, ekimena edo ekimen sena sustatzea ere helburu dugu. Ondo dago norberak bere enpresa sortzea, baina gure asmoa ez da, Gipuzkoako gazteen artean, enpresariak sortzea, baizik eta gazte horiengan jarrera aldaketa bat, ‘txip’ aldaketa bat, eragitea. Eta nola egiten da hori? Ezberdinen artean lan eginez, sormena landuz, Eskolan lantzen ez diren zeharkako konpetentziak jorratuz… Hau da, ikasteko eta lan egiteko beste modu bat sortzea da gure xedea.
Itziar Gonzalez eta Carmiña Dovale Donostiako Eskola Politeknikoko irakasleekin elkarlanean, horiek guztiak lantzeko tailer bat antolatu genuen, GAZEtik, eta maiatzaren 16a izan zen gure ‘egun handia’; ‘akziora’ pasatzeko eguna. In… know… action!
UPV/EHUko, TECNUNeko, Mondragon Unibertsitateko eta TKNIKAko irakasle-ikasleei zuzendutako tailer honetan, diziplina ezberdinetako gazteak (eta ez hain gazteak) elkartu genituen Carlos Santamaria Liburutegiko erakusketa aretoan, eta Unibertsitate parte-hartzailearen oinarrien inguruan aritu ginen solasean. Ikasleek irakasleengandik ikasten dutelako, baina baita alderantziz ere!
Bakarka zein taldean egin genuen gogoeta.
Ikasleari? Irakasleari? Nori dagokio KNOW-a (jakintza) eta nori ACTION-a (ekintza)?? Zer behar da jakintza eta ekintza inplikatzeko (IN)?
Artelan orok, behar bati erantzun ohi diola esaten dute. Geuk ere behar bat identifikatu dugu Goi Hezkuntzan. Abiapuntu gisa, hipotesi bat aurkeztu genuen: Irakasleek eta ikasleek ez dituzte amets bateratuak; ez dituzte/ditugu helburu berberak, jomuga berberak… Eta amets partekatuen gabezia horrek, ikaskuntza kolaboratiboarekiko interesa, ilusioa, motibazioa… galtzera garamatza.
Bi izan ziren, nagusiki, maiatzaren 16ko Amesteko prest? tailerraren helburuak: Batetik, ikaskuntza kolaboratiboaren amets gabezia horren arrazoiak edo zergatiak identifikatzea. Eta bestetik, irakasleek eta ikasleek elkarrekin ‘amets egin’ dezaten/dezagun, jarduera kolaboratiboak proposatzea.
Jarduera kolaboratiboak proposatzeko, globoak erabili genituen. A zer 'kolore festa'!
Lehenik, Haiku Filmsek ekoitzitako ¿Te atreves a soñar? InKNOWation: transforming organizations through innovation bideoa ikusi genuen, horixe izan baitzen tailer honen iturburua, nolabait esateko. Jorratutako lan-ibilbidean, gune ezberdinak -eta dinamika ezberdinak- proposatu genizkien parte-hartzaileei. Honela, ‘Konfort Gunean’, ‘Ikaskuntza Gunean’ eta ‘Gune Magikoan’ murgildu ginen, eta hausnarketarako zein jolaserako tartea egon zen: bakarkako lanarekin hasi ginen, eta hormari begira ipini genituen, gainera, parte-hartzaileak; 4 taldetan banatu genituen, ondoren, eta taldeko iritzia jasotzen zuen posterra aurkezteko eskatu zitzaien; ping-pong partida berezi samar bat jokatzen ipini genituen gero; eta azkenik, ikasleek eta irakasleek elkarrekin amestea eragiteko, jarduera kolaboratiboak proposatzeko eskatu genien. Koloretako globoak banatu zitzaizkien proposamen horiek idazteko euskarri gisa. Borobilean eseri ginen, eta banan-banan, norberak bere ideiak azaldu zituen, mikrofonoa eskuan hartuta. Besteak beste, honakoak atera ziren: ikasle eta irakasleen arteko eztabaidak sustatzea, elkar ezagutzeko eta entzuteko guneak sortzea, ikasgaiarekin zerikusia duten lehiaketak antolatzea, talde-dinamikak indartzea, brainstorming gehiago egitea, rol aldaketak eragitea, kirol jarduerak, mendi irteerak, dantza saioak antolatzea, film laburrak grabatzea, Gobernuz Kanpoko Erakunde baten erronka elkarrekin burutzea, ikerketa bat egitea ikasle eta irakasleen ametsetatik abiatuz, bulnerabilitatea lantzea… eta nola ez, gosari-bazkari-afari-pintxo-pote eta Chupa Chups dastaketak ere bai! 🙂
Esan beharra dago, dinamiken erritmoa bezalaxe, gune bakoitzerako hautatu genituen abestiak ere in crescendo joan zirela… Eta ezetz asmatu zerekin amaitu genuen? E.T.-ren soinu bandako abesti batekin! 😉 Ez al da ba amesteko film aproposa?
Ping-pong mahai ‘tuneaturik’ ikusi al duzue inoiz? Eta mahaiaren bueltan 30 lagunetik gora ‘dantzan’ jarri dituen ping-pong partidarik? Ba… hori ezin duzue galdu! Jakin-mina duen ororentzat, hona hemen bideotxo bat (ez dizuet esango ping-pong partida zenbatgarren minutuan hasten den…):
Amesteko prest?, bideoa
Ikasle eta irakasleak ping-pongean jokatzen.
Ping-pong partidari esker, ikasle-irakasle rolak haustea lortu genuen, behintzat! Eta baita ekipoan lan egitea ere.
Besterik ez, gaurkoz… Segi amesten! Eta jarduera kolaboratiboak proposatzen! Eta ikasgelan (eta ikasgelatik kanpo) iraultza egiten! Edo gizarte eredua aldatzeko gogoeta egiten, behinik behin.
Eta azkenik, la ‘frase estrella’ de la jornada: “Salir de la Zona de Confort no es confortable”, ezta, Carmiña? 🙂
Leire Cano